viernes, 19 de diciembre de 2008

...eta irribarre egingo du"

Aspaldiko artxiboetan kuxkuxean nenbilela aurkitu dut batxilergo 2an Narrazioko klaserako egindako koma eta punturik gabeko testua. Oraindik gogoan dut zenbat buruko min eman zizkidan lan madarikatuak... Horregatik izango da beharbada, baina azkenerako hitz horienganako xera antzeko bat sortu zitzaidanez (eta akatsak daudela badakidan arren) entregatu nuen bezala zintzilikatuko dut hemen ere.

"Gaur goizean ikasgelara sartu eta leihotik begiratu dut bera ikusteko gogoz bai baitakit garaiz iristea ez dela bere estiloa eta ez baitut espero gaur ohitura hori aldatzerik euria goian-behean ari duela ikusirik eta horrek are gehiago urduritzen nau ezin baitut konturatu gabe atzean agertuko zaidala pentsatzea ekidin eta burutapen nahasgarriok gogoan ditudala bira ematen dut filosofiako liburua bilatzeko asmoz ea zerbait egiten dudan haren ahotsak kontzentratzeko gaitasuna ezerezean lagatzen didan arte behinik behin eta orduan bira eman eta begietara so geratuko natzaio aurpegiko azala gero eta beroago nabaritzen dudan bitartean eta zalantza izpirik gabe jakingo dut zera baino gorriago jarri naizela eta ordurako begiratua jaitsi badut ere ziur egongo naiz irribarre egiten ari zaidala bere aurpegiera isekatiaz hortz zuriek dizdira egiten diotelarik eta hankak dardaraz sentituko ditut eta ahoa lehor eta burua huts eta hitz egiteko ahalmena galduta lurrera begira jarraituko dut lipar batez jakiminak beste behin haren begietan galtzera eramango nauen unerarte bai baitakit ezingo dudala buruan zer darabilen asmatu berak ahotan hartzen ez badu eta aldi berean badakit edo badakigu ez hark eta ez nik ez dugula horrelakorik egingo batak beldurrez eta besteak nork daki zergaitik eta ahoa irekiko dugu eta baita itxi ere eta inork ez du ezer esango nahiz eta hori egin ezean bakoitza bere aldetik joango dela badakigun eta badakidan gainera ez dela hori nahi nukeena eta parean daukadanean eta ez dagoenean burura datorkidan gauza bakarra bere aurpegia den arren isilik geratuko naiz eta azken aldiz begiratuko diot isilean bihotzak garrasika diharduen bitartean ozenki esan ezin dezakedana xuxurlatzeko eta irribarre egingo du".