lunes, 20 de octubre de 2008

Epa esate aldera

Aspaldi honetan enaiz ezer idazteko gai izan. Ene musa insersoarekin Benidormera joana delakoan nago, pasa den urtean jasandako gehiegizko lan-ustiapena dela medio.

Kaleetan zehar ipini ditudan WANTED kartelek fruituren bat eman bitartean, beraz, oso noizean behin idazten jarraituko dudala iruditzen zait. Gaur aurkitu dut, esaterako, teklatuaren aurrean esertzera naraman pisuzko arrazoietako bat: haserrea, gaitzidura. Eguneroko bizitzan esango nukeen moduan: kriston malaostiya.

Izan ere, egia izango da azkenean telebista ikuste hori ez dela ona osasunarentzat . Duela denbora bat, gazte batzuek Rocio izeneko eskale bat kutxa automatiko batean giltzapetu eta su eman zioten. Gaur, horietako batek esan du ez zeukatela emakumeari minik emateko inolako asmorik. Bera handik aterako zela uste zutela. Nola ez ba, nork ez darama gaur egun edozein kutxa automatikotako giltza, bada ez-bada ere? Ez omen zuten hark minik hartuko zuenik espero.

Noski ezetz, maiteño hori... asmo onez doan edonork egiten dio horrelakoren bat alboan daukanari. Gaur egun, hori 'Epa' esateko modutzat ere hartzen da! Hare gehiago, bihar kaletik ikusten dudan lehen pertsonari su emango diot. Eguna ongi hasteko.

Zeren suak ez du minik egiten, ezta? Baita zera ere... nola erreko du ba, hori zorakeria! Ziur nago ongi pasatzeko baino ez zenutela egin, zeuen existitzen-ez-duten-burbuin ñimiño horiei ez zitzaien otu ere egingo emakumeak barrerik zergatik ez ote zuen egiten. Hori umore gutxiko pertsona, Jainkoarren! Bizirik erretzen egoteak graziarik ez egitea ere... kopeta behar da.

Baina zu lasai, seguru jendeak zuen arrazoiak ulertuko dituela. Egia esan, nik uste horrela azalduz gero, andere hori maite zutenek ere ezingo diote zure hitzen logika eztabaidaezinari kontra egin.

Eta gero su emango dizute, Epa esate aldera. Baina hori bai; maitasun osoz.

domingo, 5 de octubre de 2008

Ez daukat idazteko gogorik.

Ateko txirrinak esnatu nau guztiz, eguzkiaren argiari esker jada erdi-lo baino ez negoenean. Gogoz kontra jaiki naiz, beraz. Nahi ez nuen gosari bat hartu eta maindireak aldatu. Gero, eskolako urrengo praktikarako orriak inprimatu.

Eta telebista aurrean eseri. Edo ordenagailuan jarraitu, denbora galtzen.

Baina, denbora galtzea ote benetan? Ez dut hala denik uste. Baina denbora galtzearen apolgia urrengo baterako lagako dut; izan ere, ez daukat idazteko gogorik.

Eta nahi izatea ere ez da biziki desio dudan zerbait, une honetan (aiii... filosofia azterketa aurreko arratsalde haiek...!).

Ez da tristura, hala ere. Apatia da, gogorik eza. Eta hori, igandeen defendatzaile sutsua naizela normalean. Haatik, gaur salbuespen bat egingo dut.

Eta denbora galdu. Edo ez galdu.