domingo, 31 de mayo de 2009

Zenbaitetan, nahikoa da

Zenbaitetan, gehienetan, gauza txikiak nahikoa izaten dira. Nahikoa, grisa dirudien eguna koloretan margotzeko.

Jaiki eta ikasi beharra. Gustatzen ez zaizun - edo zehazkiago, zinez gorroto duzun - ikasgai hori, hain zuzen. Eta ez zaizu buruan sartzen, noski; zeren zaila da. Zaila; izugarrizko txapa. Baina hor dago, eta pare bat egun baino ez zaizkizu geratzen azterketara eramango zaituen trena hartzeko.

Hori gutxi balitz, anaia bat duzu, anaia gazteago bat. Edad del pavo horretan burubelarri sartua, gainera - eta honek, adiskide, jasanezina dela esan nahi du -. Bazkaria ere ez da beste munduko ezer.

Egun normala da, ez ona eta ez txarra. Estresak jotako ikasle bati gora-beherarik gabe pasa lekiokeena. Orduan, deskuiduan, aspaldian ahaztutako kanta bat topatzen duzu interneten. Ez duzu gogoratzen, baina izenburua ezaguna egin eta entzun egiten duzu.

Eta nahikoa da. Supituki, abesti hura egunero entzuten zenuen garaira itzultzen zara, une batez. Orduko sentimendu eta oroitzapenak berreskuratzen dituzu; eta irri egiten, malenkonia apur batez agian.

Jada ez da egun grisa; jada ez da aspertzeraino arrunta. Besteren beharrik gabe, gaurkoari egun berezia deritzozu. Begiak itxi, eta play-ari ematen diozu beste behin.