viernes, 17 de abril de 2009

Okerreko lekuan

Okerreko unean, okerreko lekuan, eta ezer zuzentzeko asmorik gabe. Nork esan behar zizun gauzak horrela zirela? Nork, ilargirik ez zela? Kandela parea piztuta, eguzkia atera zain.

Buruari birak eman, zerbait asmatzeko gogoz; mila galdera ezkuturen erantzun agerien bila. Baina ez da ezer zerumugan, ez da ezer urertzean. Olatuek ez dakarte mirarizko albisterik; ezta bihotza pozteko doinu eztirik ere, haizeak.

Nork esan behar zizun, horrela egongo zinela... Noiz bilakatu zen mundua gris? Noiz utzi zioten izarrek desirak betetzeari? Itzuliko ote zara sekula irribarreek ere magia egin zezaketenera?

Batek daki, edo agian ez, eta bitartean hemen darraizu, zentzurik gabeko hitzak korapilatzen. Amets egin dezakezu, hori inork ezin kendu, urrutiko lekuekin, garai hobeagoekin. Hegoak aurkitu zain, barneko zera ezezagun horrek norabait eramango zaituen egunaren zain. Zeren jazoko da, badakizu. Eta badakigu, edo badakite... edo jakin behar lukete, ezer ez dela betiko.

Zoriontsu izateko irrika hiltzen ez den bitartean, aukera hor egongo dela. Zuk autatu zain. Eta gertu dago, gero eta gertuago. Senti dezakezu, inguruan, ariman; zentzurik gabeko hitz korapiloak esanahia eskuratzen duen heinean.

miércoles, 8 de abril de 2009

Eva Mirentxu joan zen...

Nola ez ba, ohitura onak ez galtzeko, azkenaldian hain normalak (edo arruntak bederen) diren astakeriez hitz egitekotan naiz. Baina gaurkoan bakarra ez, bi dauzkat. Gazteleraz esango litzatekeen bezala, "estamos que nos salimos"!

Has gaitezen baina, ziur nago eta hau baten batek irakurtzekotan, jakinahiari eutsi ezinean egongo dela... Demagun, egun batean jaiki eta zure buruari esaten diozula, 'gaur zerbait ezberdina egiteko gogoa daukat'. Eta zergatik ez, diru publikotik 36 milioi euro (6.000 milioi pezeta) osten dituzu. Arraroa? Baita zera ere, horixe izan zen Jose Perez Diaz, Pepe Popularrekoak egindakoa (eta ez dut izenarekin txiste errazegirik egingo...). Gero urte batzuk Mexikon igaro eta kito! Kartzelan amaituko duela? Baita zera ere, delituak preskribitu du jada, adiskide...

Baina utz ditzagun lapurreta kontuak lotsagaldu batetik beste batera jauzi egiteko. Imagina dezagun orain Italian jazotakoaren tankerako lurrikara batek zure etxea goitik behera txikitzen duela. Beraz, kanpindenda bat lortu eta nola ahala bertan bizi beharrean aurkitzen zarela, salbamendu-lanetan ari direnek zure lagun eta ahaideen bila diharduten bitartean. Demagun orduan presidentea azaldu eta baikorra izan behar duzula esaten dizula, zure egoera kanpinean egotea bezalakoa dela.

Indarkeriaren aurkakoa naiz guztiz, irakurle, baina egoera horretan kanpin-dendarekin burutik behera emango niokeela onartzen dut. Ene Silvio bihotzez higuindua, ebakuntza estetiko askotxo baina gai grisik batere ez dizut ikusten zure buru horretan.

Baina inor ez dadila larritu, aurkitu dut eta krisiari zein naturaren gora-beherei aurre egiteko modu perfektua. Xoxik gabe zabiltzatela? Ez dago arazorik, lapurretan hasi! Ondoren bost bat urte hondartza galduren batean igaro eta beltzaran beltzaran itzuliko zara. Hori bai, ez ahaztu eguzkitako kremarik, ez genuke inor erretzerik nahi eta.

sábado, 4 de abril de 2009

Itaca - Kavafis

I.
Itacarako bidaia hastean, erregutu bidea luzea izan dadila, abenturaz betea, ezagutzaz betea. Ez izan Lestrigonioen eta Ziklopeen, eta Poseidon koleratsuaren beldur. Sekula ez duzu halakorik zure bidean aurkituko, zure pentsamenduak jaso mantenduz gero, zirrara eder batek gorputza eta arima ukitzen badizkizu. Sekula ez duzu Lestrigonio, Ziklope eta Poseidon ikaragarriarekin topo egingo, barruan ez badaramatzazu, zeure arimak parean goratzen ez badizkizu.

II.
Erregutu orduan bidea luzea izan dadila. Asko izan daitezen udako goizak, non estreinekoz sartzen zaren lehen aldiz ikusitako portuetan; zein atsegin, zein pozez! Gelditu Feniziar merkatuetan, eta erosi merkatugai fina, nakare eta koralak, ambare eta ebanoa, eta mota guztietako lurrin gozoak. Ahal bezain beste lurrin gozo erosi; Egipziar hiri andana bati bisita egin, ikasteko, eta jakitun diren horiengandik ikasteko.

III.
Mantendu Itaca zure gogoan beti finko. Hara iristea da zure azken helburua. Baina ez bidaia ezertarako bizkortu. Hobe da urte luzez irauten lagatzea; eta baita zahartzean uhartearen alboan ainguratzea ere, bidean ikasitako guztiarekin aberats, Itacak ondasunik ematerik espero gabe.

IV.
Itacak bidaia zoragarria eman dizu. Hura gabe inoiz ez zeniokeen bideari ekingo. Baina ez dauka ematekorik gehiago.

V.
Eta behartsu aurkitzen baduzu, Itacak ez dizu makur egin izango. Irabazia izango duzun ezagutza handiarekin, hainbeste bizipenekin, jada ulertua izango duzu ordurako Itakek esan nahi dutena.