lunes, 30 de marzo de 2009

Zortea

Zenbaitetan, gauzak izugarri korapilatzen dira. Lana, ikasketak, espero gabeko bisitak, eta ezagutzen ez duzun hiri bat erakusteko konpromisua. Oso ongi lagun, mirariren bat gertatuz gero, guztia pairatzeko gai eta guzti izango zara eta!

Liburuak arrapaladan ikasi, lana alde batera utzi, eta hiria erakutsiko dizun norbaiten bila hasten zara, baina zure azken aukerak huts egiten dizu eta ez dakizu jada nola konpondu nahaspila guzti hori. Baina orduan, bapatean, loteria.

Edo ez; baina ia. E-mail bat. E-mailA, hain zuzen. Bisitariak egun bat beranduago iritsiko direla diotsuna. Eta patuak hala orkestratu izan balu bezala, bihar zure lagunak hiria erakus diezazuke, ikasteko egun bat gehiago duzu eta lanean ez daukazu presaka abisatzen ibili beharrik.

Gauzak horren ondo ateratzen direnean, adiskide, irribarre egiteko gogoa ematen du.

lunes, 9 de marzo de 2009

Munstroak kaleetan

Ea ba, bada denbora bat azken aldiz hemen idatzi nuela. Eta nola ez, berriz ere erdeinua eragiten didaten gai horietako bat azaltzera nator (ohitura onak ez omen dira galdu behar). Nire amak "AR-en programa" dakusan bitartean nago ni ordenagailuan jarrita, eta bizkarrean aditutako albistea izan da, hain zuzen, idaztera bultzatu nauena.

Zera da, gutxi gora behera, esan dutena: Izena-gogoratzen-ez-dudan izaki batek neska batzuk bortxatu zituen duela zenbait urte, eta duela gutxi gartzelatik atera da (zigor guztia betetzeko hainbat urte geratzen zaizkiola, noski; horrelakoa da gure justizia sistema agurgarria). Eta hona emen guztietan deklaraziorik (eta bai, hitz hau euskaltzaindiak onartzen du) harrigarriena, zerbait esatearren. Bortxatzailearen amak egina da.

"Nire semea gizartearen biktima da". Ez. Barka, etxekoandre, baina ez. Biktimak semetzat duzun munstro horrek bizia izorratu dien neska gaixoak dira. Horietako zenbaitek 9 urte zituzten, andere. Ikusten duzu, haur batzuk baino ez zirela. Eta zure seme gizagaixoak bizitza izorratu die. Beraz, esaidazu, edo esaiezu, nola demontre justifika dezakezun izaki higuingarri, zantar horrek eginikoa.

Semea izango duzu, baina ez da pertsona. Ezin liteke izaki hori gizontzat hartu, munduan dauden benetako gizon bakanak irainduko ez baditugu bederen. Baina "justiziak" kalean utzi du. Eta zaintzarik gabe. Oso ederki. Gainera, langabezia ordainduko zaio, nola ez ba.

Ez da justua. Inolaz ere. Baina tamalez, gaur egun, Euskal Herrian, zein mundu osoan, justizia legeen zerbitzura dago. Eta alderantziz izan behar luke, legeak justiziari laguntzeko egin baitziren. Baina ez da horrela. Ez da justua; eta egoera aldatzen ez den bitartean honako hau bezalako astakeriak pairatzen jarraituko dugu.