miércoles, 24 de septiembre de 2008

Donostiarako txartela, 3,10€

Ene ilehori maiteenaren antzera, oraingo honetan alde batera utziko dut literariotasun (hitz honek existitzen ote duen galdetzen diot nire buruari) oro, eta azken egunetako gora-beherak azaltzeari ekingo diot. Ea ba.

Urriaren 22an hasi nuen ikasturtea. Aurkezpena eta klaseak egun berean. Hain 'frikiak' izateko psikologiakoak behar. Donostiarako trena hartu nuen, beraz, duela bi egun. Ahoa lehor eta hankak dardarka, izugarrizko begizuloekin agertu nintzen (astebetez lorik egin ezinik ibili izanaren ondorio latzak, hain zuzen).

Aurkezpen delakoan, denak taldetxotan. Nire erreakzioa? 'Ezta posible... no por favorrrrr...!!!' Baina bai. Posible zela zirudien. Bakarrik pasa nuen, bada, libre utzitako ordu erdi hura, klasera sartu aurretik. Ondoren gela bilatu, eta halako batean, sartu.

Lehen begiratuan mundu guztia jada eserita eta zain zegoela begitandu zitzaidan. Beldurgarria. Orduan, bakarrik zegoen neska bat ikusi eta haren ondora joan nitzen, eser nintekeen galdetuz. Horrela ezagutu nituen nire ikaskide berrietako hiru: Maider, Irungoa; Maria, Anoetakoa; eta Nerea, eeeh... Gasteiz ingurukoa.

Denborarekin, bi Amaia, bi Izaro, Aiora, Leire, Ruben... ezagutu ditut. Baten bat ahazten bazait, edo izenen bat gaizki jarri badut (ez nintzateke gehiegi harrituko), ene defentsan esango dut abisatuta zeundetela...

Klaseei dagokienez, oraindik ez dugu askorik egin; maisu bakoitza aurkezpen partikular antzeko bat egiten ari baita. Hori, eta gaur bertan bi ordu lehenago atera garela maisua azaldu ez delako. Gustatu eta dena egingo zait unibertsitatea azkenean.

Orokorrean, nabarmenena: 50 ikasle, 5-6 mutil. Eta gaur esan didatena: 'Ane, zuk geyo sozializatuezu beste karreratakuakin psikologiakuakin baño!'. Beno... ezin esan guztiz gezurra denik. Baina, ezta ze ondo etorriko zaidan etorkizunerako? Esana diet... horrela, behar ditudanerako, medikua, abokatua... debalde!

jueves, 18 de septiembre de 2008

Zintzotasuna

Gaur egungo gure gizarte honetan zintzotasuna, egizaletasun delakoa handietsita dagoela pentsatzen duten horietakoa naiz. Errukizko gezurren guztiz aldekoa, beraz. Zergati berezirik ez daukat horrela pentsatzeko.

Baina, niretzat, zenbaitetan garrantzitsuagoa da isiltzen jakitea. Bada, harrotasunez, beti egia aurretik jartzen duela esaten duenik (gero eta gehiago, tamalez); hau ez da ordea beti onerako izaten.

Zintzotasunak urkoari min egingo badio, ez al da hobe ahoa itxita edukitzea? Lagun bat mutilak utziz gero, "Zer espero zenuen ba, hain itsusia izanda?" esango al zeniokete? Horixe ba, hori da esan nahi dudana. Norbait mintzea ekidingo badu, nik behintzat mila bider esango dut gezurra.

Beraz, badakizue, gaur ileapaindegira noa. Abisatuta zaudete: txikizioren bat egiten baditate ere, polita nagoela esan...

sábado, 13 de septiembre de 2008

Lehen ulua, ilgora denean

Blog hau egitearen xedea ene bizitza interesgarria, hau irakurri nahi duen edonorekin elkarbanatzea dela esan nezake. Baina gezurretan ibiltzea litzateke. Izan ere, aldez aurretik abisatuta zaudete: nire bizitza ez da zurea baino interesagarriagoa, ziurrenik. Beraz, zertan ari naiz hemen? Nola esan, aldizkari arrunt bateko iritzi artikulu bat irakurtzen ari nintzen bitartean piztutako bihozkada bati jaramon eginagatik sortua da honako hau. Zentzugabea, benetan.

Esna amets egitea ohitura dut. Ilunabar gorriak eta gau izartsuak atsegin ditut. Ilargia, eta olatuak itsasertzean. Eta noraezean eginiko pasierak. Irribarreak eta begirada esanguratsuak gustatzen zaizkit; barre algara ozenak eta ezer gehiagoren beharrik ez duten isiluneak. Baina arrosa ez. Arrosa ez dut atsegin; baina, hain zuzen, larrosa arrosak dira gehien maite ditudanak. Halakoxeak dira sortu berri dudan (edo didaten) mundu honetako paretak ere. Etiketa zalea naizenik ere ezin esan. Eta hala ere, euskara batuan idazten ari naiz. Kontraesankorra, ezta?

Baina, ez al da gizakia, bizitza bera ere, paradoxikoa? Eta ezetz badiozue... beno, halakoxea naiz neu behintzat. Dibertigarriagoa da hankaz-gorako mundu paralelo batean bizitzea, edo hori iruditzen zait niri.

"Welcome to my blog, my dearest friend of all"