viernes, 4 de diciembre de 2009

Beste hizkuntza batean


Badira esan litezkeen gauzak; esaten ditugunak, esan genituenak. Badira, esango genituzkeen gauzak ere. Baina, batez ere, bada esan ezin ditugun gauza pila bat.

Nola azaldu albokoari buruan darabilkizuna, zuk zeuk ere pentsamenduak hitz bilakatzean kale egiten baduzu? Egun txar bat edozeinek izan lezake. Baina gutxi dira, oso gutxi, zer gertatu zaien baino zer sentitzen duten azaltzeko gai direnak.

Azterketak, lanak, urduritasuna. Oso ongi. Baina, eta zer? "Egun txar bat" diotsu, eta ingurukoek buruarekin baietz; ulertzen dutela. Ezagutzen zaituztelako izango da, beraiei ere gertatzen zaielako. Edo zure barnean sartzeko gaitasuna eskuratu dutelako, oharkabean. Ez zure buruan, bihotzean baizik.

Hori ona edo txarra den? Egoeraren arabera, esango nuke. Baina berriz ere, nor naiz ni? Nola erantzun barne galderei, barneak beste hizkuntza batean hitz egiten dizunean?

Agian ondokoei galdetu behar nieke. Beharbada nik ez, baina haiek jakingo dute. Eta ez dakit nola, baina azkenean, irriz amaituko dut. Eta horren erantzule ere... beraiek izango dira.

domingo, 4 de octubre de 2009

From Zarautz, with love... jejeje

Hainbeste kostatzen da, hainbestetan, hitz egokiak aurkitzea izan ere. Hainbeste, horren beharrezko zaizkigun eleak topatzea. Zehatzak izan nahi dugu, argiak, horrela besteek hobeto ulertuko gaituzten esperantzaz.

Eta frustrantea da, hitz hobe baten faltan. Frustrantea zinez, bihotzak hain garden dakusana adierazteko ezintasuna. Bazioen Beckerrek, behinola, inspirazioa zela gure eskuaz jabetu eta mundu berriak sortzen zituena. Malenkoniatsuak zenbaitetan, politagoak maiz. Disdiratsuak, disdiratsuak beti.

Ulertzen dute ordea, ulertu beharrekoek, gertu ditugunek. Elkarren ondoan dauden bihotzen arteko elkarrizketan hitzek zentzua galtzen baitute, eta estali begiak bi arima besarkatzean.

Saiatu naiz, ni neu ere, zerbait ederra idazten. Hunkitzeraino sakona, eskatzearren. Baina kale egin dit barrua boligrafoarekin lotzeko saiakerak, antza. Esperantzarik ez dut galdu, haatik; berba antzuen azpian begiratu, eta oihuka diotsudana jasoko duzunaren itxaropena.

Zuretzat beraz, onena ez den testu hau, barren-barrendik aterea baitago... Oraingoan esatekoa iruten ari dena idazle soila den arren.

Eskuminak Txas, inspirazioaren partetik.

sábado, 20 de junio de 2009

Aspaldiko hitzak

Bada esaldi bat, entzun eta ahazten ez diren horietako bat. Duela urte asko, edo agian ez hainbeste, norbaitek esan zuen benetako lagunak, ongi zaudenean, zuk deitu bezain pronto azaltzen direla; baina gaizki zaudela jakin ezkero, bakarrik etortzen omen direla.

Batek daki, polita litzateke. Zerbait gertatu orduko adiskideak inguruan izatea, eskua luzatuz. Laguntza emanez, ez eskainiz. Ez dut uste norbera gorriak ikusten ari denean, laguntza eskatu behar lukeenik. Edo bai, zergatik ez. Zilegi da, baina askoz hobe iritziko nioke erreguka jardun ordez, hitzen beharrik gabe, beraiek etortzea.

Beraiek bakarrik. Zugatik. Maite zaituztelako.

Ez dakit ordea, horrelakorik baden. Egia ote? Aspaldiko eleak jazoko balira... Polita litzateke, polita ematen du.

Polita, eta pozgarria.

domingo, 31 de mayo de 2009

Zenbaitetan, nahikoa da

Zenbaitetan, gehienetan, gauza txikiak nahikoa izaten dira. Nahikoa, grisa dirudien eguna koloretan margotzeko.

Jaiki eta ikasi beharra. Gustatzen ez zaizun - edo zehazkiago, zinez gorroto duzun - ikasgai hori, hain zuzen. Eta ez zaizu buruan sartzen, noski; zeren zaila da. Zaila; izugarrizko txapa. Baina hor dago, eta pare bat egun baino ez zaizkizu geratzen azterketara eramango zaituen trena hartzeko.

Hori gutxi balitz, anaia bat duzu, anaia gazteago bat. Edad del pavo horretan burubelarri sartua, gainera - eta honek, adiskide, jasanezina dela esan nahi du -. Bazkaria ere ez da beste munduko ezer.

Egun normala da, ez ona eta ez txarra. Estresak jotako ikasle bati gora-beherarik gabe pasa lekiokeena. Orduan, deskuiduan, aspaldian ahaztutako kanta bat topatzen duzu interneten. Ez duzu gogoratzen, baina izenburua ezaguna egin eta entzun egiten duzu.

Eta nahikoa da. Supituki, abesti hura egunero entzuten zenuen garaira itzultzen zara, une batez. Orduko sentimendu eta oroitzapenak berreskuratzen dituzu; eta irri egiten, malenkonia apur batez agian.

Jada ez da egun grisa; jada ez da aspertzeraino arrunta. Besteren beharrik gabe, gaurkoari egun berezia deritzozu. Begiak itxi, eta play-ari ematen diozu beste behin.

viernes, 17 de abril de 2009

Okerreko lekuan

Okerreko unean, okerreko lekuan, eta ezer zuzentzeko asmorik gabe. Nork esan behar zizun gauzak horrela zirela? Nork, ilargirik ez zela? Kandela parea piztuta, eguzkia atera zain.

Buruari birak eman, zerbait asmatzeko gogoz; mila galdera ezkuturen erantzun agerien bila. Baina ez da ezer zerumugan, ez da ezer urertzean. Olatuek ez dakarte mirarizko albisterik; ezta bihotza pozteko doinu eztirik ere, haizeak.

Nork esan behar zizun, horrela egongo zinela... Noiz bilakatu zen mundua gris? Noiz utzi zioten izarrek desirak betetzeari? Itzuliko ote zara sekula irribarreek ere magia egin zezaketenera?

Batek daki, edo agian ez, eta bitartean hemen darraizu, zentzurik gabeko hitzak korapilatzen. Amets egin dezakezu, hori inork ezin kendu, urrutiko lekuekin, garai hobeagoekin. Hegoak aurkitu zain, barneko zera ezezagun horrek norabait eramango zaituen egunaren zain. Zeren jazoko da, badakizu. Eta badakigu, edo badakite... edo jakin behar lukete, ezer ez dela betiko.

Zoriontsu izateko irrika hiltzen ez den bitartean, aukera hor egongo dela. Zuk autatu zain. Eta gertu dago, gero eta gertuago. Senti dezakezu, inguruan, ariman; zentzurik gabeko hitz korapiloak esanahia eskuratzen duen heinean.

miércoles, 8 de abril de 2009

Eva Mirentxu joan zen...

Nola ez ba, ohitura onak ez galtzeko, azkenaldian hain normalak (edo arruntak bederen) diren astakeriez hitz egitekotan naiz. Baina gaurkoan bakarra ez, bi dauzkat. Gazteleraz esango litzatekeen bezala, "estamos que nos salimos"!

Has gaitezen baina, ziur nago eta hau baten batek irakurtzekotan, jakinahiari eutsi ezinean egongo dela... Demagun, egun batean jaiki eta zure buruari esaten diozula, 'gaur zerbait ezberdina egiteko gogoa daukat'. Eta zergatik ez, diru publikotik 36 milioi euro (6.000 milioi pezeta) osten dituzu. Arraroa? Baita zera ere, horixe izan zen Jose Perez Diaz, Pepe Popularrekoak egindakoa (eta ez dut izenarekin txiste errazegirik egingo...). Gero urte batzuk Mexikon igaro eta kito! Kartzelan amaituko duela? Baita zera ere, delituak preskribitu du jada, adiskide...

Baina utz ditzagun lapurreta kontuak lotsagaldu batetik beste batera jauzi egiteko. Imagina dezagun orain Italian jazotakoaren tankerako lurrikara batek zure etxea goitik behera txikitzen duela. Beraz, kanpindenda bat lortu eta nola ahala bertan bizi beharrean aurkitzen zarela, salbamendu-lanetan ari direnek zure lagun eta ahaideen bila diharduten bitartean. Demagun orduan presidentea azaldu eta baikorra izan behar duzula esaten dizula, zure egoera kanpinean egotea bezalakoa dela.

Indarkeriaren aurkakoa naiz guztiz, irakurle, baina egoera horretan kanpin-dendarekin burutik behera emango niokeela onartzen dut. Ene Silvio bihotzez higuindua, ebakuntza estetiko askotxo baina gai grisik batere ez dizut ikusten zure buru horretan.

Baina inor ez dadila larritu, aurkitu dut eta krisiari zein naturaren gora-beherei aurre egiteko modu perfektua. Xoxik gabe zabiltzatela? Ez dago arazorik, lapurretan hasi! Ondoren bost bat urte hondartza galduren batean igaro eta beltzaran beltzaran itzuliko zara. Hori bai, ez ahaztu eguzkitako kremarik, ez genuke inor erretzerik nahi eta.

sábado, 4 de abril de 2009

Itaca - Kavafis

I.
Itacarako bidaia hastean, erregutu bidea luzea izan dadila, abenturaz betea, ezagutzaz betea. Ez izan Lestrigonioen eta Ziklopeen, eta Poseidon koleratsuaren beldur. Sekula ez duzu halakorik zure bidean aurkituko, zure pentsamenduak jaso mantenduz gero, zirrara eder batek gorputza eta arima ukitzen badizkizu. Sekula ez duzu Lestrigonio, Ziklope eta Poseidon ikaragarriarekin topo egingo, barruan ez badaramatzazu, zeure arimak parean goratzen ez badizkizu.

II.
Erregutu orduan bidea luzea izan dadila. Asko izan daitezen udako goizak, non estreinekoz sartzen zaren lehen aldiz ikusitako portuetan; zein atsegin, zein pozez! Gelditu Feniziar merkatuetan, eta erosi merkatugai fina, nakare eta koralak, ambare eta ebanoa, eta mota guztietako lurrin gozoak. Ahal bezain beste lurrin gozo erosi; Egipziar hiri andana bati bisita egin, ikasteko, eta jakitun diren horiengandik ikasteko.

III.
Mantendu Itaca zure gogoan beti finko. Hara iristea da zure azken helburua. Baina ez bidaia ezertarako bizkortu. Hobe da urte luzez irauten lagatzea; eta baita zahartzean uhartearen alboan ainguratzea ere, bidean ikasitako guztiarekin aberats, Itacak ondasunik ematerik espero gabe.

IV.
Itacak bidaia zoragarria eman dizu. Hura gabe inoiz ez zeniokeen bideari ekingo. Baina ez dauka ematekorik gehiago.

V.
Eta behartsu aurkitzen baduzu, Itacak ez dizu makur egin izango. Irabazia izango duzun ezagutza handiarekin, hainbeste bizipenekin, jada ulertua izango duzu ordurako Itakek esan nahi dutena.

lunes, 30 de marzo de 2009

Zortea

Zenbaitetan, gauzak izugarri korapilatzen dira. Lana, ikasketak, espero gabeko bisitak, eta ezagutzen ez duzun hiri bat erakusteko konpromisua. Oso ongi lagun, mirariren bat gertatuz gero, guztia pairatzeko gai eta guzti izango zara eta!

Liburuak arrapaladan ikasi, lana alde batera utzi, eta hiria erakutsiko dizun norbaiten bila hasten zara, baina zure azken aukerak huts egiten dizu eta ez dakizu jada nola konpondu nahaspila guzti hori. Baina orduan, bapatean, loteria.

Edo ez; baina ia. E-mail bat. E-mailA, hain zuzen. Bisitariak egun bat beranduago iritsiko direla diotsuna. Eta patuak hala orkestratu izan balu bezala, bihar zure lagunak hiria erakus diezazuke, ikasteko egun bat gehiago duzu eta lanean ez daukazu presaka abisatzen ibili beharrik.

Gauzak horren ondo ateratzen direnean, adiskide, irribarre egiteko gogoa ematen du.

lunes, 9 de marzo de 2009

Munstroak kaleetan

Ea ba, bada denbora bat azken aldiz hemen idatzi nuela. Eta nola ez, berriz ere erdeinua eragiten didaten gai horietako bat azaltzera nator (ohitura onak ez omen dira galdu behar). Nire amak "AR-en programa" dakusan bitartean nago ni ordenagailuan jarrita, eta bizkarrean aditutako albistea izan da, hain zuzen, idaztera bultzatu nauena.

Zera da, gutxi gora behera, esan dutena: Izena-gogoratzen-ez-dudan izaki batek neska batzuk bortxatu zituen duela zenbait urte, eta duela gutxi gartzelatik atera da (zigor guztia betetzeko hainbat urte geratzen zaizkiola, noski; horrelakoa da gure justizia sistema agurgarria). Eta hona emen guztietan deklaraziorik (eta bai, hitz hau euskaltzaindiak onartzen du) harrigarriena, zerbait esatearren. Bortxatzailearen amak egina da.

"Nire semea gizartearen biktima da". Ez. Barka, etxekoandre, baina ez. Biktimak semetzat duzun munstro horrek bizia izorratu dien neska gaixoak dira. Horietako zenbaitek 9 urte zituzten, andere. Ikusten duzu, haur batzuk baino ez zirela. Eta zure seme gizagaixoak bizitza izorratu die. Beraz, esaidazu, edo esaiezu, nola demontre justifika dezakezun izaki higuingarri, zantar horrek eginikoa.

Semea izango duzu, baina ez da pertsona. Ezin liteke izaki hori gizontzat hartu, munduan dauden benetako gizon bakanak irainduko ez baditugu bederen. Baina "justiziak" kalean utzi du. Eta zaintzarik gabe. Oso ederki. Gainera, langabezia ordainduko zaio, nola ez ba.

Ez da justua. Inolaz ere. Baina tamalez, gaur egun, Euskal Herrian, zein mundu osoan, justizia legeen zerbitzura dago. Eta alderantziz izan behar luke, legeak justiziari laguntzeko egin baitziren. Baina ez da horrela. Ez da justua; eta egoera aldatzen ez den bitartean honako hau bezalako astakeriak pairatzen jarraituko dugu.

lunes, 26 de enero de 2009

Agur Zalditeriari

Berlusconi. Il Cavalieri. Ja!

Zalduna, bai noski... gainean norbait eramango balu, agian, baina tipo hori ez dago zaldia izatetik gertu sikiera. Astoa, beharbada. Zerria eta inuzentea, hori ziur. Azal dezadan ordea lehenik zertaz ari naizen.

Erroman zoritxarrez jazotzen ari diren bortxaketa oldaren ostean, Italiar presidenteak 30.000 soldadu kaleetan kokatzeko asmoa adierazi du delinkuentzia sexualari aurre egitearren. Horrarte, ongi. Baina ez dirudi gizona (izaki deitzea delitua izango da, deskuiduan) zentzuzko zerbait esan eta lasai geratzeko gauza denik, honako hau gaineratu baitu: "bortxaketen arazoa konpontzeko, neska polit bezainbeste soldadu beharko genituzke".

Ai Silvio Silvio, txikitan buruan kolperen bat hartu ote zenuen galdetzekotan egon naiz... baina zure kasuan gutxienez bi izan ziren, eta handiak. Nola da posible herrialde oso bat ordezkatzen duenak horrelakorik esan eta gainera barre egitea? Txantxa omen tzen.

Ea ba... egunon, Berlusconi... egoerari barregarria al deritzozu? Bai noski, izan ere hainbat neskaren bizitza popatik hartzera (oihg, ze fina naizen nahi dudanean) bidali duten hainbat urde zikin kaleetan libre egoteak barregura izugarria ematen dio herriari. Oh, bai, haien algarak entzun ditzaket ia.

Faborez, italiar zentzudunen batek eman diezaiola beste behin buruan, nire telebista bezala bada on egingo dio eta. Bestalde, Vaticanoa ere hortik gertu dabil, zorte pixka batekin mirari bat gertatu eta burua ilea txertatzeko baino zerbait gehiagorako dela ohartuko da.

Zalditeria hil dela esango dute gero. Normala, hau bezalako inuzenteei zaldun izengoitia jarri zienak erahil zituen... eta baten bat geratu bazen, zihur honi entzun eta gero bere buruaz beste egin duela.