martes, 31 de mayo de 2011

Gizona euritan



Ingurura begiratu zuen. Leihoko beirak goian-behean euria ari zuenaren froga eskaintzen zioten, baina hala ere kalera irteteko gogo bizia, irrika, bera baino indartsuagoa nola egiten ari zen nabari zezakeen.


Ezkaratzeko atea ireki eta kanpora begiratu zuen. Zerua ilun eta hodeiak beltz, sekula bota gabeko ekaitza haren gainera erortzen zen artean. Baina ez zitzaion axola. Bakarrik egon nahi zuen, eta busti. Hotzak bizirik zegoela oroitarazten zion, eta ez zegoen, une hartan, gehiago behar zuenik ezer.


Ibilian, itsas aurrera iritsi zen. Blai zegoen, dagoeneko. Arroketara jauzi egitea pasatua zitzaion burutik behin edo bitan, lehendik ere. Baina egun hartan ez. Guztiek negargarria irizten zioten eguraldi hark berak eutsi zion nahiari. Bira eman eta pasierari heldu zitzaion berriro. Zeruari so, irribarre egin zuen. Tantaka jarraitu artean ongi egongo zen.



Atsegin zuen euria. Eta nik... nik ere atsegin dut.

jueves, 5 de mayo de 2011

Utzikeria, saiakerak eta ilargia

Aspaldian abandonatu xamar izan dut blog-a. Utzikeriagatik, ziurrenik; inspirazio faltagatik ere bai, apika. Oraindik ere ez dakit ongi zer idatz nezakeen. Zerbait polita izatea nahi nuke, esanguratsua. Irakurtzen duenaren eguna pozteko balio izaten duten testu zoragarri horietako bat. Baina behatzek teklatuan haritzen dutenak ez dauka zoragarriaren tankerarik…

Esaldi bakoitzean pantailako leihoa itxi eta saiakera bertan behera uztekotan nagoela aitor nezake. Edota ez dakidala aski ongi zergatik ari naizen neure burua zerbait idaztera behartzen, zerbait esatera. Beharbada jarrera egokia deritzodalako izango da. Emaitzarik politena lortzen ari ez garenean ere, ahalegin batek existitu beharko lukeela uste dutenetakoa naizelako.

Hona hemen beraz, gaurko saiakera. Eta auto-promesa: maizago ahaleginduko naiz. Idazten, hasitakoak amaitzen. Ezer esatekorik ez daukadanetan ere, hizketan. Bien bitartean, badira testu hau baino gauza politagoak irakurlea alaitzeko… leihotik begiratu besterik ez dago ilargia ikusteko.