Aspaldian abandonatu xamar izan dut blog-a. Utzikeriagatik, ziurrenik; inspirazio faltagatik ere bai, apika. Oraindik ere ez dakit ongi zer idatz nezakeen. Zerbait polita izatea nahi nuke, esanguratsua. Irakurtzen duenaren eguna pozteko balio izaten duten testu zoragarri horietako bat. Baina behatzek teklatuan haritzen dutenak ez dauka zoragarriaren tankerarik…
Esaldi bakoitzean pantailako leihoa itxi eta saiakera bertan behera uztekotan nagoela aitor nezake. Edota ez dakidala aski ongi zergatik ari naizen neure burua zerbait idaztera behartzen, zerbait esatera. Beharbada jarrera egokia deritzodalako izango da. Emaitzarik politena lortzen ari ez garenean ere, ahalegin batek existitu beharko lukeela uste dutenetakoa naizelako.
Hona hemen beraz, gaurko saiakera. Eta auto-promesa: maizago ahaleginduko naiz. Idazten, hasitakoak amaitzen. Ezer esatekorik ez daukadanetan ere, hizketan. Bien bitartean, badira testu hau baino gauza politagoak irakurlea alaitzeko… leihotik begiratu besterik ez dago ilargia ikusteko.
No hay comentarios:
Publicar un comentario