viernes, 19 de diciembre de 2008

...eta irribarre egingo du"

Aspaldiko artxiboetan kuxkuxean nenbilela aurkitu dut batxilergo 2an Narrazioko klaserako egindako koma eta punturik gabeko testua. Oraindik gogoan dut zenbat buruko min eman zizkidan lan madarikatuak... Horregatik izango da beharbada, baina azkenerako hitz horienganako xera antzeko bat sortu zitzaidanez (eta akatsak daudela badakidan arren) entregatu nuen bezala zintzilikatuko dut hemen ere.

"Gaur goizean ikasgelara sartu eta leihotik begiratu dut bera ikusteko gogoz bai baitakit garaiz iristea ez dela bere estiloa eta ez baitut espero gaur ohitura hori aldatzerik euria goian-behean ari duela ikusirik eta horrek are gehiago urduritzen nau ezin baitut konturatu gabe atzean agertuko zaidala pentsatzea ekidin eta burutapen nahasgarriok gogoan ditudala bira ematen dut filosofiako liburua bilatzeko asmoz ea zerbait egiten dudan haren ahotsak kontzentratzeko gaitasuna ezerezean lagatzen didan arte behinik behin eta orduan bira eman eta begietara so geratuko natzaio aurpegiko azala gero eta beroago nabaritzen dudan bitartean eta zalantza izpirik gabe jakingo dut zera baino gorriago jarri naizela eta ordurako begiratua jaitsi badut ere ziur egongo naiz irribarre egiten ari zaidala bere aurpegiera isekatiaz hortz zuriek dizdira egiten diotelarik eta hankak dardaraz sentituko ditut eta ahoa lehor eta burua huts eta hitz egiteko ahalmena galduta lurrera begira jarraituko dut lipar batez jakiminak beste behin haren begietan galtzera eramango nauen unerarte bai baitakit ezingo dudala buruan zer darabilen asmatu berak ahotan hartzen ez badu eta aldi berean badakit edo badakigu ez hark eta ez nik ez dugula horrelakorik egingo batak beldurrez eta besteak nork daki zergaitik eta ahoa irekiko dugu eta baita itxi ere eta inork ez du ezer esango nahiz eta hori egin ezean bakoitza bere aldetik joango dela badakigun eta badakidan gainera ez dela hori nahi nukeena eta parean daukadanean eta ez dagoenean burura datorkidan gauza bakarra bere aurpegia den arren isilik geratuko naiz eta azken aldiz begiratuko diot isilean bihotzak garrasika diharduen bitartean ozenki esan ezin dezakedana xuxurlatzeko eta irribarre egingo du".

martes, 25 de noviembre de 2008

"Lore ederrena zimeltzen da zaintzen ez bada"

Azaroak 25.

Tristea da, baina gaur ze egun den ez dakien jende asko dago. Edo jentilaje; norberak aukera dezala. Gaur Genero Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Eraso sexistak jasotzen dituzten emakume guztien eguna.

Baina ez haien eguna soilik. Niretzat gaur guztion eguna da; gizon zein emakume. Zentzu pixka bat duen edonorena, behintzat. Gaur, LIBRE IZATEKO eguna da. Ez garelako gizonak baino gehiago, baina ezta gutxiago ere. Berdinak gara; parekoak.

Eta borroka ez da amaituko guztiek hau ulertzen duten arte. Ezin diotela inori eskurik jaso; baina ez hori bakarrik: ezin dutela taberna batean neska bat ukitu haren baimenik gabe, ezin diotela neska bati edozer esan muturreko batez aurpegia txikituko ez dietelako bakarrik, ez direla inoren jabe. Ez direla inor baino hobeak. Horrela pentsatzen dutenak, batez ere, zizare hustel batzuk baino ez direlako. Zanpatuak izan beharreko zomorro nazkagarriak. Hori baita eragiten didatena; digutena. NAZKA.

Amaitu da beraz. Betiko amaitu. Emakumeok ez gara zapalduak izateko jaio, eta gure ahotsak edozein gizonena bezainbeste balio du. Hori da etorkizuna, eta horrek izan behar du oraina.

Tristeena ordea zera da, oraindik ere milaka emakume daudela beren aitek, anaiek, bikoteek jipoituak, hankaperatuak. Eta ezin dugu horrek jarrai dezan onartu. Zorionez, gero eta gizaseme gehiago daude egia hori ulertzen dutenak, ikusten dutenak. Gero eta gizon gehiagok, genero indarkeriaren aurka egiten dute ozenki. Zorionez. Azkenean.

Komunikabideetan ere hainbat notizia agertzen ari dira egunean zehar. Hori bai, noiz agertzen dira? Gaur. Hots, soilik gaur. Baina hori zergatik? diot nik. Zergatik gaur bakarrik? Genero indarkeriaren aurka ez da urtean behin egin behar, egunero baizik!

Egin daigun beraz deiadar erokeria hau buka dadin. Baina ez gaur. Egin dezagun garrasi bihar; eta etzi; eta etzidamu, eraso sexista bakar bat ere ordainik gabe geratuko ez den unerarte.

sábado, 15 de noviembre de 2008

2008ko Azaroaren 15ean; "Lehen eskutitza"

OHARRA: Bai, hasiera hasieratik parentesi bat ingoet, jeje. Oango hontan erderaz idatzikoet, batez ere eskatu in dielako (ai ze ilusiyua in diten tio, jaja).
OHARRA 2: Ez espero zentzuik arrapatzeik jarraian datorren testuai... ze pertsonalki nik re eztiyot arrapatzen. Burua etortze zitzaitena idazten junaiz besteik gabe, jeje. Bale, ta oan bai:

* * * * *

"Sin sentidos que destierran imagenes de mundos que nunca consideré míos. Instantes que se pierden en aquellos horizontes que nadie reclama, que ya nadie quiere. ¿Y cómo creer en quimeras perdidas, historias dispersas, en sueños suicidas que mueren de antemano?

Si no quedan en las nubes imágenes que resuenen con tu risa, ni colores en el viento que me traigan mil sonidos de tormenta. Cae la lluvia en los mil atardeceres que he pasado queriendo no recordarte, cuando tus ojos cincelados en mi mente a fuego de mil infiernos me susurran ironías; sardónicas risas, impías.

Y decirte que te quiero y que te olvido por momentos, cuando duermo ya te sueño hasta despierta. Duele tu risa cuando me la regalas, sin saber que para mí es un presente. Quema el recorrido cuando ella marca el camino; lágrima de lunas en desvelo... Jurando no llorar me olvidaba del presente, deseando.

Susurrando, quedamente, el murmullo de tu nombre, para que lo oyera solo la cornisa de la ventana del fondo que me obseva compasiva, mostrándole al mundo que el sol aún hoy brilla. Tararea en él las notas de una canción perdida, quién sabe si para alguien es apenas conocida, suena para mí a tono de despedida.

Sonrío pues a medias, agridulce sensación; esperando a que llegue el tren de la redención en el banco más ajado de la última estación."

lunes, 20 de octubre de 2008

Epa esate aldera

Aspaldi honetan enaiz ezer idazteko gai izan. Ene musa insersoarekin Benidormera joana delakoan nago, pasa den urtean jasandako gehiegizko lan-ustiapena dela medio.

Kaleetan zehar ipini ditudan WANTED kartelek fruituren bat eman bitartean, beraz, oso noizean behin idazten jarraituko dudala iruditzen zait. Gaur aurkitu dut, esaterako, teklatuaren aurrean esertzera naraman pisuzko arrazoietako bat: haserrea, gaitzidura. Eguneroko bizitzan esango nukeen moduan: kriston malaostiya.

Izan ere, egia izango da azkenean telebista ikuste hori ez dela ona osasunarentzat . Duela denbora bat, gazte batzuek Rocio izeneko eskale bat kutxa automatiko batean giltzapetu eta su eman zioten. Gaur, horietako batek esan du ez zeukatela emakumeari minik emateko inolako asmorik. Bera handik aterako zela uste zutela. Nola ez ba, nork ez darama gaur egun edozein kutxa automatikotako giltza, bada ez-bada ere? Ez omen zuten hark minik hartuko zuenik espero.

Noski ezetz, maiteño hori... asmo onez doan edonork egiten dio horrelakoren bat alboan daukanari. Gaur egun, hori 'Epa' esateko modutzat ere hartzen da! Hare gehiago, bihar kaletik ikusten dudan lehen pertsonari su emango diot. Eguna ongi hasteko.

Zeren suak ez du minik egiten, ezta? Baita zera ere... nola erreko du ba, hori zorakeria! Ziur nago ongi pasatzeko baino ez zenutela egin, zeuen existitzen-ez-duten-burbuin ñimiño horiei ez zitzaien otu ere egingo emakumeak barrerik zergatik ez ote zuen egiten. Hori umore gutxiko pertsona, Jainkoarren! Bizirik erretzen egoteak graziarik ez egitea ere... kopeta behar da.

Baina zu lasai, seguru jendeak zuen arrazoiak ulertuko dituela. Egia esan, nik uste horrela azalduz gero, andere hori maite zutenek ere ezingo diote zure hitzen logika eztabaidaezinari kontra egin.

Eta gero su emango dizute, Epa esate aldera. Baina hori bai; maitasun osoz.

domingo, 5 de octubre de 2008

Ez daukat idazteko gogorik.

Ateko txirrinak esnatu nau guztiz, eguzkiaren argiari esker jada erdi-lo baino ez negoenean. Gogoz kontra jaiki naiz, beraz. Nahi ez nuen gosari bat hartu eta maindireak aldatu. Gero, eskolako urrengo praktikarako orriak inprimatu.

Eta telebista aurrean eseri. Edo ordenagailuan jarraitu, denbora galtzen.

Baina, denbora galtzea ote benetan? Ez dut hala denik uste. Baina denbora galtzearen apolgia urrengo baterako lagako dut; izan ere, ez daukat idazteko gogorik.

Eta nahi izatea ere ez da biziki desio dudan zerbait, une honetan (aiii... filosofia azterketa aurreko arratsalde haiek...!).

Ez da tristura, hala ere. Apatia da, gogorik eza. Eta hori, igandeen defendatzaile sutsua naizela normalean. Haatik, gaur salbuespen bat egingo dut.

Eta denbora galdu. Edo ez galdu.

miércoles, 24 de septiembre de 2008

Donostiarako txartela, 3,10€

Ene ilehori maiteenaren antzera, oraingo honetan alde batera utziko dut literariotasun (hitz honek existitzen ote duen galdetzen diot nire buruari) oro, eta azken egunetako gora-beherak azaltzeari ekingo diot. Ea ba.

Urriaren 22an hasi nuen ikasturtea. Aurkezpena eta klaseak egun berean. Hain 'frikiak' izateko psikologiakoak behar. Donostiarako trena hartu nuen, beraz, duela bi egun. Ahoa lehor eta hankak dardarka, izugarrizko begizuloekin agertu nintzen (astebetez lorik egin ezinik ibili izanaren ondorio latzak, hain zuzen).

Aurkezpen delakoan, denak taldetxotan. Nire erreakzioa? 'Ezta posible... no por favorrrrr...!!!' Baina bai. Posible zela zirudien. Bakarrik pasa nuen, bada, libre utzitako ordu erdi hura, klasera sartu aurretik. Ondoren gela bilatu, eta halako batean, sartu.

Lehen begiratuan mundu guztia jada eserita eta zain zegoela begitandu zitzaidan. Beldurgarria. Orduan, bakarrik zegoen neska bat ikusi eta haren ondora joan nitzen, eser nintekeen galdetuz. Horrela ezagutu nituen nire ikaskide berrietako hiru: Maider, Irungoa; Maria, Anoetakoa; eta Nerea, eeeh... Gasteiz ingurukoa.

Denborarekin, bi Amaia, bi Izaro, Aiora, Leire, Ruben... ezagutu ditut. Baten bat ahazten bazait, edo izenen bat gaizki jarri badut (ez nintzateke gehiegi harrituko), ene defentsan esango dut abisatuta zeundetela...

Klaseei dagokienez, oraindik ez dugu askorik egin; maisu bakoitza aurkezpen partikular antzeko bat egiten ari baita. Hori, eta gaur bertan bi ordu lehenago atera garela maisua azaldu ez delako. Gustatu eta dena egingo zait unibertsitatea azkenean.

Orokorrean, nabarmenena: 50 ikasle, 5-6 mutil. Eta gaur esan didatena: 'Ane, zuk geyo sozializatuezu beste karreratakuakin psikologiakuakin baño!'. Beno... ezin esan guztiz gezurra denik. Baina, ezta ze ondo etorriko zaidan etorkizunerako? Esana diet... horrela, behar ditudanerako, medikua, abokatua... debalde!

jueves, 18 de septiembre de 2008

Zintzotasuna

Gaur egungo gure gizarte honetan zintzotasuna, egizaletasun delakoa handietsita dagoela pentsatzen duten horietakoa naiz. Errukizko gezurren guztiz aldekoa, beraz. Zergati berezirik ez daukat horrela pentsatzeko.

Baina, niretzat, zenbaitetan garrantzitsuagoa da isiltzen jakitea. Bada, harrotasunez, beti egia aurretik jartzen duela esaten duenik (gero eta gehiago, tamalez); hau ez da ordea beti onerako izaten.

Zintzotasunak urkoari min egingo badio, ez al da hobe ahoa itxita edukitzea? Lagun bat mutilak utziz gero, "Zer espero zenuen ba, hain itsusia izanda?" esango al zeniokete? Horixe ba, hori da esan nahi dudana. Norbait mintzea ekidingo badu, nik behintzat mila bider esango dut gezurra.

Beraz, badakizue, gaur ileapaindegira noa. Abisatuta zaudete: txikizioren bat egiten baditate ere, polita nagoela esan...

sábado, 13 de septiembre de 2008

Lehen ulua, ilgora denean

Blog hau egitearen xedea ene bizitza interesgarria, hau irakurri nahi duen edonorekin elkarbanatzea dela esan nezake. Baina gezurretan ibiltzea litzateke. Izan ere, aldez aurretik abisatuta zaudete: nire bizitza ez da zurea baino interesagarriagoa, ziurrenik. Beraz, zertan ari naiz hemen? Nola esan, aldizkari arrunt bateko iritzi artikulu bat irakurtzen ari nintzen bitartean piztutako bihozkada bati jaramon eginagatik sortua da honako hau. Zentzugabea, benetan.

Esna amets egitea ohitura dut. Ilunabar gorriak eta gau izartsuak atsegin ditut. Ilargia, eta olatuak itsasertzean. Eta noraezean eginiko pasierak. Irribarreak eta begirada esanguratsuak gustatzen zaizkit; barre algara ozenak eta ezer gehiagoren beharrik ez duten isiluneak. Baina arrosa ez. Arrosa ez dut atsegin; baina, hain zuzen, larrosa arrosak dira gehien maite ditudanak. Halakoxeak dira sortu berri dudan (edo didaten) mundu honetako paretak ere. Etiketa zalea naizenik ere ezin esan. Eta hala ere, euskara batuan idazten ari naiz. Kontraesankorra, ezta?

Baina, ez al da gizakia, bizitza bera ere, paradoxikoa? Eta ezetz badiozue... beno, halakoxea naiz neu behintzat. Dibertigarriagoa da hankaz-gorako mundu paralelo batean bizitzea, edo hori iruditzen zait niri.

"Welcome to my blog, my dearest friend of all"